Izu eta Pagolleta
Artikutza, Spain
6 months ago
Artikutza Almandoz etxearen ondotik San Agustin ermita aldera hartu eta berehala pista utziko dugu eskuinean dugun belardia zeharkatzen duen xendari heltzeko. Berehala pinudian sartuko gara eta sigi-sagan urtegiaren hormatzarraren ondora iritsiko gara. Bertatik izango dugu ikuspegirik zabal eta ederrena. Xenda jarraituz urtegia inguratzen duen pistara helduko gara. Parez pare Izura igotzeko PR NA 125aren bide-seinale zuri-horiak atakan margoturik ikusiko ditugu. Pagolletaraino bidelagun izango ditugu. Lizarurdiñeta Langa igaro eta aldapa malkartsu bati aurre egingo diogu eta lehen izerdi tantak kopetatik isurtzen hasi orduko pistara helduko gara. Ezkerrera hartuz gero, berriro urtegiko pistara jaitsiko ginateke, beraz gorantz joko dugu. Aldapa pikoak ez du etenik. Pagadi eta pinu gorrien basora iristean bidea zertxobait leundu egiten da eta tarteka txondor plaza batzuk ere ikusiko ditugu. Gorago, landaretzak ezkutatutako eraikin megalitiko batzuk atzean utzi eta bidegurutze batera iritsiko gara. Ezkerrerantz joz gero, pagadi bikain bat zeharkatuz Pagolletara jaitsiko ginateke, eskuinera, berriz, Barazar aldera. Guk aurrean dugun bidezidorrari eutsiko diogu eta tontorrera, Izu aldera abiatuko gara azken maldari ekinez. Izu Bost minutu eskas beharko ditugu alanbrezko hesiaren beste aldean dagoen Izuko gailurra zapaltzeko. Parez pare Mendaurko tontor bikaina eta honen ondoan Mendieder. Arantza herriaren eta Arrata errekak zeharkatzen duen haranaren ikuspegi ederraz gozatzeko aukera izango dugu. Ikusmenari gozatua eman ostean, hesiaren ondotik doan zidorra segituko dugu eta berehala iritsiko gara basora. Amekorrungo atakaren ondoan berriro Artikutzako barrutian murgilduko gara eta pagadian aurkituko dugun orbela zapalduz erraz jaitsiko gara Pagolletara. Pagolleta Basotik atera eta Pagolletara iristean Orreagaren garaiko mugarri bat ikusiko dugu, eta honen atzean, barrutitik kanpo, trikuharri baten aztarnak. Leku honetan egurrezko hesola batek norabide desberdinak erakutsiko dizkigu. Hesia zeharkatuz gero, Igantzi-Lesaka aldera jaitsiko ginateke, aurrera segituz Eskaseko atezaindegira eta ezker aldera jaitsiz gero, Enobietako urtegira. Guk azken hau aukeratuko dugu abiapuntura itzultzeko. Ez dugu bide-seinalerik ikusiko baina oso bide egina da eta pagadian zehar berehala izango gara, Urgurutzen. Puntu honetatik Artikutzara bueltatzeko urtegia inguratzen duen pista jarraitu behar dugu (ikus 3. ibilbidea).
0 Comments
Izu eta Pagolleta