Urdallueko harana
Artikutza, Spain
4 months ago
Artikutza Frontoiaren ondotik doan bidea hartu eta ezkerretik ateratzen den pistatik, Enobietako urtegirako norabidea hartuko dugu. Aurrera jarraitu eta bihurgune nabarmen batera heltzean, langa igaro eta eskuinera hartuko dugu errekaren ondoan dagoen zubitxora iristeko. Hau pasa eta ezkerrera hartu behar da, errekaren ondotik metro batzuk betez. Bide zaharra Otarango pagadian murgiltzen da sigi-sagan altuera hartuz. Otaran Enbor luzeko pago gazte askok osaturiko pagadi ikusgarri bezain eder honetan murgildurik, orbelak lurra erabat estaltzen du eta tarteka bidea ikusgaitza da. Pagaditik ateratzean, Goizarindik Beltzuntzera doan pista batekin egingo dugu topo. Metro gutxi batzuk aurrerago, berriz, ezkerrera hartu behar da Urdallueko pagadian barneratzen den beste xenda bat jarraituz. Pago enborrean marka gorri bat ikusiko dugu. Burdinola Pagadia zeharkatzen duen bidezidorra segituz, laster sakanaren hondora helduko gara. Enborrez eratutako zubitxo bat zeharkatuko dugu beste aldera pasatzeko. Urdallueko burdinola eta baserri-multzo zaharraren aztarnekin aurrez aurre egingo dugu topo. Denboraren poderioz, natura pixkanaka eraikin hauek guztiak estaliz joan da eta egun zail samarra gertatzen da eraikin horien egitura osoa nabarmentzea. Ubidea Baserri-multzoa utzi eta sakanaren ezker aldeko mendialdetik doan bide zabala hartuko dugu. Berehala, Lapurzulo izenez ezaguna den meatzal ingurura iritsiko gara eta aurrerago, garai batean Ollagarate errekatik Lizarurdiñetako deposituraino ura garraiatzen zuen ubide bat aurkituko dugu, honek herritik gertu zegoen zentral bat elikatzen baitzuen. Bidea, ubidearen ondotik doa depositura iritsi arte. Segidan Lizarurdiñetatik jaisten den pista hartuko dugu urtegia inguratzen duen pistarekin bat egin arte. Hemendik herrira jaisteko, urtegiaren hormaren ondotik pasatzen den zidorra hartuko dugu, egurrezko hesolak erakusten duen norabidean.
0 Comments
Urdallueko harana