Orarregiko gaztelua
Iltzarbe, Spain
3 months ago
Nafarroako Erresuma defenditu zuten hamaika gaztelu daude euskal lurretan zehar sakabanaturik. Nafarroa Bizirik ekimenaren bidez, gure historiaren pasarte garrantzitsuenetako batzuk berreskuratu dituzte. Oroimen gune diren gaztelu horietan lapurtutako historia berreraiki eta ezagutzeko parada izango dugu ibilaldi honetan. Arakil eta Larraun ibaiek bustitzen duten lur eremuen zelatari izan zen Orarregiko gaztelua bisitatuko dugu eta ibilaldia osatzeko, gertu dagoen Txurregira igoko gara. Bi tontorrek zezen baten adarrak dirudite Iruñerritik begiratuta. Ollo haranean dagoen Iltzarbe herrian emango diogu hasiera gaurko ibilaldia honi. Herriaren goiko aldetik ateratzen den pista zabalean zehar abiatuko gara PR-NA 170 ibilbideari (Ollarango itzulia) dagozkion bide-seinale zuri eta horiek erakusten diguten norabidean. Lehen partean porlana, baina berehala legarrezko lurzorua zapalduz egingo dugu aurrera. Gure ezkerrera Iltzarbeko kanposantua utzi eta Ollaran ibarraren ikuspegi zabalaz gozatuz, baso mediterraneoan murgilduko gara. Ollo herrirantz zuzentzen den PR-NA 170a gure ezkerrera utzi eta pista zabalak berehala gerturatuko gaitu Txurregiko piramidearen beheko aldera. Bere magalean zehar hedatzen den bidetik erraz igoko dugu Gaztelu alderako aldapa. Bideak ekialderantz biratu eta ezkerrera ateratzen den bidea utzita diagonalean jarraituko dugu tontorretik gertu dagoen zabaldi txiki batera iristeko. Xenda nabarmen batek tontorrera igotzen lagunduko digu. Gailurrean harlanduz egindako eremu zirkular bat aurkituko dugu, antzinako gotorlekuaren omenaldi-dorretzarraren oinarria. Nafarroako Erresumaren hiriburua defenditzeko kokagune estrategikoa baitzen gailur hau, Arakil eta Larraun ibaiek bat egin eta gero, bertako urek Oskia haitzartea ireki eta moldatu zutenekoa. Gaztelu hau XIII. mendearen amaierakoa da, Orarregi, Olloriegi edo Ollaregi izenez aipatua, Txurregi eta Gaztelu mendiek konpartitzen duten lepo zabalaren izenean jatorria dutelarik. Pasabide hau Napoleonen tropen maiz erabili ohi zuten Oskiako haitzartean gerta zitezkeen balizko segadak saihesteko. Gaztelua izateaz gain, talai eder honetatik izango dugun ikuspegi zabala izugarria da: Iruñerria, Aralar, Andiamendi, Euskal Pirinioak eta abar luze bat. Ezin ase begiak beti gose. Aurrez aurre dugun Txurregiko gandorrera begira jarriko gara eta bi mendiak lotzen dituen lepo aldera jaisten hasiko gara oso nabarmena den bidetik. Berehala baltsa baten ondora iritsiko gara eta hau atzean utzita denbora gutxi beharko dugu bi mugarriek adierazten duten Olarregiko lepoa zapaltzeko. Ezkerretik jaisten xendatik berehala jaitsiko gara igotzeko erabili dugun pistara eta bertatik abiapuntura itzuliko gara.
0 Comments
Orarregiko gaztelua