Arantzetako Ama Birjinaren kapera
Ainhoa, France
3 months ago
Nafarroarekin muga egiten duen Ainhoa udalerriaren lehen aipamenak XIII. mendekoak dira. Erdi Aroan Nafarroak Done Jakue bideko erromesentzat sortutako bastida zen, bertakoak Baztango jaunaren menpe zeudelarik. Herriaren kokagunea dela eta kontrabando-gune izan da historian zehar. Udalerri honen ekonomia jarduera nagusiak abeltzaintza eta nekazaritza badira ere, azken urte hauetan turismoa asko garatu da. Bertan aurkituko dugun elizaren zatirik zaharrena XIV. mendekoa da. Herrian ibilgailua utzi ostean, elizaren aurrean ekialderantz ateratzen den bidea jarraitu dugu eta Gurutze-bidean GR-10aren bide-seinaleei jarraitu diegu segidan. Hasieran asfaltatuta dagoen eta ondoren pista bihurtzen den igoera bidetik ordubete baino gutxiago behar izan dugu zuhaizti batean babesturik dagoen ermitara heltzeko. Pistatik igo daiteke, baina bigarren bihurgunean, hau utzi eta eskuinetik ateratzen den xendatik barrena goraino hel daiteke. Aukeran, bigarrena hobe. Gertu, hiru gurutze erraldoi hilarriz inguraturik. Arantzetako Ama Birjinaren (Arantzako Ama Birjina) kapera honen istorioa irakurri ahal izan dugu bertan dagoen testu batean: “ Iturri miragarri baten ondoan, artzain bati agertu zitzaion, Ama Birddinari eskainia zaio Kapera hau. Ez dakigu noiz gertatu den agertze hori, baina erraite ahal dugu Oñateko (Gipuzkoa) Arantzazuko Ama Birddinaren agertzearekin berdintasun aunitz badituela. Aspalditik Ainhoarrak eta, inguruko herrietako biztanleak igaiten dira kaperarat prozesioan, Mendekosteko astelehenean, meza nagusia entzuteko. Mendian den kapera ttikitik, Arantzeko kaperaraino, 1886an egin 14 gurutzeko bide bat bada. Bide honen ondoan, harpetxo batean, Ama Birddinaren itxurarekin batean, iturriño bat agertzen da. 1898an San Mattin Etchartek eraikiarazi zuen kalbario bat kaperaren aurreko ordozi ttikian, geroxeago 1900ean, Ama Birddinaren itxura bat emana izan zen, kaperaren aurreko kaperatxoan, eta berrikitan (2001) hilharriak (gizonarriak) emanak izan dira kalbarioaren inguruan”.
0 Comments
Arantzetako Ama Birjinaren kapera